Bilatu blogean

2019(e)ko martxoaren 13(a), asteazkena

Diruaren Hotsa

Denok dakigu nork irabazi zuen aurreko asteburuko partidua, eta nork sartu zuen azken gola eta ze minututan. Niri ez zait futbola batere gustatzen, baina badakit. Mundu guztiari gustatzen zaio futbola, eta lehenago edo geroago kontatuko didate partidua hasieratik bukaerara arte, nahi edo ez. Eta kontatzen ez badidate, bertan agertuko zait sarean edozein sare sozial edo webgunetan sartu orduko. Denok dakigu futbol munduan zer gertatzen den (gizonen futbolean bakarrik, nola ez!), eta horrek dirua ematen die futbolariei (beti irabazten dutenei batez ere, gero garrantzitsuena parte hartzea dela esaten duten horiei), kriston dirutza.

Futbola jarri dut adibide bezela, ikustea batere gustatzen ez zaidan kiroletako bat iruditzen zaidalako zihurrenik. Baina ez da futbola dirua mugitzen duen alderdi bakarra. Beste kirol batzuk ere badaude, eta abeslariak eta aktoreak, bestalde. Guzti horiek entretenitu egiten gaituzte, ondo pasatzen laguntzen digute, eta askoren ustez, merezi dituzte soldata potolo horiek. Ez dut ezetzik esaten, baina pentsa pertsona gehienen soldatetan.

Zenbat kobratzen dute bizia salbatzen diguten medikuek? Eta erreskatatzen gaituzten suhiltzaileek? Zenbat gure jakinduria aberastu zuten irakasleek? Eta jaten duguna produzitu eta saltzen dutenek? Zenbat kobratzen du lan munduan sartu berri den eta ia egun osoa lanean pasako duen gazte batek? Eta bizitza osoa lanean eraman arren etxea ere ordaindu ezin duen batek?

Futbol jokalari, monarka, politikari eta beste hainbestek jasotzen duten dirua ikerketara bideratuko balitz askoz azkarrago aurkituko lirateke gaixotasun gehienen aurkako terapiak, eta pertsona gaixoen bizitza hobetzeko aukerak. Pentsa.

Bozkatzeko prest

Aspaldian ez dugu ezer bozkatzeko aukerarik izan, eta bapatean bozka urtean gauden sentsazioa daukat. Hainbat alderdiren alde bozkatzeko aukera izango dugu laster, gure ordezkariak aukeratzeko aukera.

Gustatzen zait bozkatzea. Indar moduko bat ematen dit, boteretsu sentiarazten nau. Pertsona batzuk aukeratu behar ditugu denon artean, eta nirea da botoetako bat. Norbait naiz, zerbaitetarako balio dut.

Beste batzuei, aldiz, ez zaie bozkatzea gustatzen. Nekagarria iruditzen zaie noren alde bozkatu erabaki behar izatea, eta ez bozkatzea erabakitzen dute. Ez zeinen alde bozkatu ez dakitelako, nahi ez dutelako baizik. Bozkatzeak ezertarako balio ez duela uste dute, beraien botoa boto bakarra dela, ez duela emaitzik aldatuko. Guztiok hori pentsatuko bagenu, baina, ezin izango genuke ezer erabaki. Bozkatzen ez dutenen artean, batzuek hautagaietako bat ere gustoko ez dutelako egiten dute.

Inguruan bozkatzerik nahi ez duten pertsonak baldin baditugu, egin dezaten konbentzitzea da onena. Ondo pentsa dezatela noren alde bozkatu, eta bozka dezatela. Bozka egunak politikariek nahi dutena egin ezin duten egun bakarra da eta. Kanpainan gezurrak esan ditzakete, eta hautatuak izan ostean nahi dutena egin, baina nozka egunean ezin dute emaitzik aldatu, edo jendea beraien alde bozkatzera behartu. Geroago bai, baina momentu hortan ezin dute nahi dutena egin.

Beraz, bozkatzera animatzen zaituztet guztiok, gure etorkizuna nolakoa izango den erabaki ahal izatera. Nork ordezkatuko gaituen erabakitzera.


2019(e)ko otsailaren 28(a), osteguna

Gutxi jaten duten neskak

Talde handi batekin edo bizitza osoko lagunekin bazkaldu edo afaltzera joaten garenean, honako hau gertatzen da ia beti: emakumeek gizonek baino gutxiago jaten dute. Eta ez da gose ez direlako, gizenduko diren beldur direlako edo neskei asko jatea gaizki ikusita dagoelako baizik. 

Gizarteak gehiegi eskatzen digu emakumeoi. Politak izan behar gara, irrifarre egin behar dugu uneoro, eta janzkera gure izaera baino garrantzitsuagoa omen da. Hori bete ezean, akabo. Eta ez hori bakarrik. Gorilek baino ile gehiago duten gizonek depilatzeko eskatzen digute, eta gizen ez egoteko. Batzuk gehiegi eta txarto jan eta kirolik egiten ez dutelako dira gizenak, baina asko horrela jaio dira, edo genetikoki determinatuta daude, eta ez da beraien errua. Herrialde aberatsetan bizi arren behar dutena baino gutxiago jaten duten emakumeez bete zaigu mundua politak ez direla uste dutelako bakarrik.

Zertarako balio du, baina, polita izateak? Zertarako balio du besteen begiei plazerra emateak norberari tristura ematen badio? Zergatik saiatzen gara hainbeste besteak pozik uzten? Zergatik hainbeste ispilu eta hainbeste isilu? Baskulak alde batera utzi beharko genituzke, eta ispiluetaz ahaztu. Ez dut sekula jakingo nolakoa naizen ispilura sekula hurbiltzen ez banaiz.

Beraz, neskak, kanpoan bazkaldu edo afaltzen duzuen hurrengoan ez zaitezte gosez gelditu. Eskatu gosez utziko ez zaituzten eta gehiegi beteko ez zaituzten menua. Inork ez du barre egingo "gizon batek bezala" jaten ari zaretelako. Ez egin kasurik "platera amaitzen baduzu oraindik gehiago gizenduko zara" bezalakoak esaten dituztenei. Eta amaitu platera garbi-garbi utzi arte, platerean dagoen guztia ordaindu beharko duzu eta!

Gizadi Mozkorra

Gizadia mozkor dago, gero eta mozkorrago, gainera. Ia jende guztiak edaten du, eta ez noizean behin bakarrik, mozkortzeko intentzioaz baizik. Tabernak bete-beteta egoten dira edonon, eta prezio barruan pintxo bat sartu ezkero mugitzeko tokirik ere ez da egongo. 

Festa guztiek dute mozkortzea xede bezala. Pentsatu besterik ez dago. Zer dira inhauteriak? Jendea, mozorroarekin edo mozorro gabe, edaten eta mozkortzen. Zer dira kilometroak? Jendea, oinez ibili dena eta ez dena, edaten. Zer da euskararen eguna? Jendea, euskaraz egiten duena eta ez duena, edaten. Zer dira kontzeruak? Jendea, musika atsegin duena eta ez duena, edaten. Zer dira larunbat gauak? Jendea, noranahi doala ere, edaten eta mozkortzen. Beraz, ba al dago mozkortzearekin lotzen ez dugun festarik? Zergatik bukatzen dugu edaten jende taldeetan sartzen garen bakoitzean? Zer egingo luke jendeak festetan alkoholik esistituko ez balitz?

"Ez edan, ez erre, ez irten...", esaten diete guraso gehienek seme-alabei. Beraiek, baina, edan egiten dute beraien lagunekin irtetzen diren bakoitzean, eta edan egiten zuten seme-alaben aurrean hauek 2 urte zituztenean ere. Beraz, nola ez dute ba beraien haur edo nerabeek edan nahiko? "Mundu osoak edaten du, gurasoek ere bai", pentsatuko dute. Beraien lagun guztiek edaten dute, gainera. "Normala da, mundu osoa mozkortzen da noizean behin, edo hilean pare bat aldiz", pentsatuko dute. Koadrilako guztiak irteten dira larunbat gauetan. "Beraiekin joaten ez banaiz koadrilatik kanpo geratuko naiz, eta edaten ez badut barre egingo didate, umetxo bat naizela esango dute", pentsatuko dute.

Zergatik ez gara saiatzen jendearekin elkartzen garen hurrengoan etxera odolean alkoholik ez dugula bueltatzen? Bada edan gabe ondo pasatzeko gai garela erakusteko garaia. Ordubete inguru hitzegin daiteke tabernetatik pasa gabe. Disfrutatu daiteke gaua ahalik eta mozkorren egoten saiatu gabe.

2019(e)ko otsailaren 24(a), igandea

Bortxaketak eta kaleko segurtasuna

Kriston hedapena izan du Iruñan 2017-ko San Ferminetan 18 urteko neska batek jasandako bortxaketaren kasuak. Bost bere kontra, egindakoa grabatzen, gainera, inolako ausiki gabe. Hurrengo egunean festan jarraitu zuten, egindakoa oker zegoela onartu gabe, neska harek ze txarto pasa zuen ikusi nahi gabe. Gertatu zena frogatzen duten bideoak daude, eta beraiekin Iruñan ez zeuden lagunek ere hasieratik zekiten egin zutena, baina bost tontolapiko haiek oraindik ere errugabeak direla esaten jarraitzen dute, neskak berak nahi zuelako eduki zituela harremanak beraiek bezalako bost ezezagunekin.

Sinestezina badirudi ere, badaude gertatutakoaren errua neskari botatzen diotenak ere. Tipikoegia badirudi ere, batzuek errazegi esaten dute gertatutakoa normala dela, hobe zuela San Ferminetan ez irten izatea, edo etxera ilundu baino lehenago bueltatu izatea, edo kalean bakarrik ez ibiltzea, edo beste arropa batzuk jantzita eramatea. Normala al da bost pertsonek neska ezezagun bat hartzea beraiekin harremanak edukitzera behartzeko? Bost dira, sexua nahi badute konpon daitezela bakarrik edo beraien artean! Normala al da gauez kalean bakarrik beldurrarekin ibili behar izatea? Eta normala al da x arropa janztea nahi duen baten ingurukoen komentario lizunak entzun behar izatea? Gauean mendian ibiltzen denak animali "manada" baten erasoa jasan dezake, baina animali horiek ez dakite zer egiten ari diren, edo gizakia berari min egitera datorrela uste duelako egingo dute. Gizaki "manada" batek, aldiz, badaki bortxatzea ez dagoela ondo, baina gauean kalea arriskutsua izatea eragiten dute. Gizakiok egiten dugu kalea arriskutsu. Pena bat da.

2019(e)ko otsailaren 22(a), ostirala

Eskolako liderrak

Eskolan denok berdinak garela irakasten digute denoi, baina segituan konturatzen gara hori gezurra dela. Ikasgela guztietan daude liderrak, besteak baino gehiago sentitzen direnak eta beraien koadriletan nor sartu edo irten daitekeen erabakitzen dutenak. Eskola haurrek eta nerabeek lagunak egin eta sozializatzen ikasteko tresna bezala saltzen digute, baina ez dut uste guztiz hala denik.

Norbere nortasuna eta bata bestearearen arteko desberdintasunak dira gizarte anitz hau edertzen duten faktoreak, baina eskoletan nortasun hori galdu egiten da maiz. Haur batzuek desberdinak direnak taldetik kanpo uzten dituzte, eta burla egiten diete. Azkenean, guztiek nahi dute berdinak izatea, eta desberdintasun guztiak galtzen dira. Denek hitzegiten dute gauza berdinei buruz, telebista saio berdinak ikusten dituzte, eta koadrilakoekin beti ados egotera derrigortuta sentitzen dira. Guztiei gustatzen zaie parrandan joatea, neskei arropa erostea eta mutilei futbola. Hortik irten ezkero, eskolako barregarri eta despreziatuena izango zara. Norbait oso ona izan daiteke gauza konkretu batean, eta besteei egin dezakeena erakusteko irrikitan egongo da, baina sekretupean gordetzen bukatuko du, badaezpada.

Haur eta nerabe batzuk beste batzuk baino lotsatiagoak dira, eta kosta egiten zaie sozializatzea. Agian ez dute koadrilarik ere izango, eta ikaskideekin hitzegitea oso zail egiten zaie. Nola sartu elkarrizketan? Nola hitzegin dezakete hain gauza aspergarriei buruz? Irakasleak klasera joaten ez diren egun asko daude, eta momentu horietan ez dute ez norekin ez zeri buruz hitzegin jakin izaten. "Eskolara ikasteko etortzen naiz", pentsatuko dute, baina gauza garrantzitsuak ikasi beharrean ingurukoak tontakeriei buruz hitzegiten entzunten pasako dute goiza.

Bestalde, alkohol, tabako eta droga gogorren aurkako prebentzio taldeak ere pasatzen dira eskoletatik. Eskoletatik, eskola nerabeen drogomenpekotasuna prebenitzeko tresna bezala ikusten delako. Baina, hori horrela al da? Eskola batzuetan, patio orduan ikasleen erdiak erretzen egoten dira, eta askotan irakasleak ere bai. Droga saltzaile batzuk eskola inguruetara hurbiltzen dira, badakitelako nerabe asko hurbilduko zaizkiela eta diru asko irabaziko dutela. Eta askok ez dute lehen zigarroa parrandan dabiltzala erretzen, eskolatik irtetean beraien lagun guztiak erretzen ari direlako erretzen dute. Ez dute erre nahi, baina egiten ez badute taldetik kanpo geratzeko beldurra dute, klase aspergarrietan denbora azkarrago pasatu ahal izateko mintzalagunik gabe.

Nortzuk dira, orduan, eskolako liderrak? Zergatik ikasi behar izaten dute haurrek txikitatik beti egongo dela beraiek zapaltzeko prest dagoen norbait? Badakit eskola gehinetan elkarbizitza egokia lortzen gogor saiatzen direla, baina zerbaitek huts egiten du. Ia eskola guztietan daude "bullying" kasuak, eta isilpean gordetzen dira, arazo garrantzitsu baten parte ez balira bezala.


Errespetu falta

Askori guztiz berdin dien arren, denok dakigu errespetua dela gizakion arteko elkarbizitza on bat bermatzeko gauzarik garrantzitsuena. Batzuek, baina, ez dakite errespetua zer den, edo nork errespetatu behar duen nor eta noiz.

Adibidez, erretzen ez dugunok ondo dakigu zein gogaikarria den inguruan erretzaileak izatea. Kalera irten orduko zigarro bat pizteko beharra sentitzen dute, eta ingurukoek botatzen diete kea, nahi gabe egiten badute ere. Sineztesina da tabakoak legala izaten jarraitzea. Kriston osasun arazoak ematen ditu, eta ia edozein gaixotasun osatu edo prebenitzeko ez erretzea gomendatzen da. Baina gobernuari eta tabako saltzaileei dirua ematen die, eta nerabeei dibertigarri eta lider itxura, eta dirudienez dirua eta itxura askoz garrantzitsuagoak dira gaur egungo gizartean osasuna baino. Kontua da, nire ondoan erretzen ari den norbaiti zigarroa itzali edo ni joandakoan pizteko eskatzen badiot, errespetua faltatzen ari natzaiola entzun beharko dudala. Sentitzen dut, baina ez da horrela. Zeu ari zara niri errespetua faltatzen. Nik bizitza osasuntsu bat eramatea erabaki nuen aspaldi, zeuk ez bezala. Ezin dituzu nire birikak zikindu bost minutu zigarro bat ahora eman gabe egon ezin zarelako. Eta ez kexatu egunero gauza garrantzitsuetarako dirurik ez duzulako, egunean zigarro pakete bat erosi beharko ez bazenu diru pila bat aurreztuko zenuke eta.

Beroak tripako mina egiten dit, eta konortea galduko dudan sentsazioa. Besteentzat, baina, errespetu falta bat da ni ezin ibili izatea, ezin lan egin izatea, ezin ikasi izatea, ezin 10 metro ibili ahal izatea. Nagi bat naizela uste dute, eta gertatzen zaidana ez dela hainbesterako. Sentitzen dut horrela esan behar izatea, baina kriston beroa egiten du hemen, ez duzue aire giroturik instalatu nahi eta ni ez nago ondo. Bero honekin lorik ere ez dut egin gainera. Beraz, zeuek ari zarete errespetua faltzatzen. Badakit zer esango didazuen, fresko bila joateko negua heldu arte itxaroteko, baina ez ahaztu neguan edozein tokitara sartu ezkero kriston beroa ematen duten kalefakzio eta estufak edonon egongo direla.

Zaratarena da ezagutzen dudan errespetu falta handiena. Badirudi gaur egungo gizartea ez dela ezer zarata handirik ateratzen badu. Zarata edonon dago, eta hiri handien zentro edo tabernadun kaleetan bizi direnek ondo dakite gauean ixiltasun pixka bat lortzea ezinezkoa dela. Askori mugikorra piztean musika jartzea gustatzen zaie, musika oso itsusia normalean, edo 10 segundu bakoitzeko bideo bat martxan jartzea. Berdin die zarata atsegin ez duten pertsonekin bizitzeak, edo jendez betetako autobus edo tren batean joateak. Musika, bideo edo zarata hori martxan jarriko dute, beraiek hala nahi dutelako, ingurukoak bertan ez baleude bezala. Eta musika kentzeko eskatzen badiet, beraienganako errespetu falta bezala hartuko dute. Ez dira sekula konturatuko beraien musika inguruko guztiei entzunaraztea dela benetan errespetu falta dena. Eta ez dira sekula konturatuko soluzioa aurikular merke pare bat erostea bezain erraza dela.