Bilatu blogean

2019(e)ko martxoaren 13(a), asteazkena

Diruaren Hotsa

Denok dakigu nork irabazi zuen aurreko asteburuko partidua, eta nork sartu zuen azken gola eta ze minututan. Niri ez zait futbola batere gustatzen, baina badakit. Mundu guztiari gustatzen zaio futbola, eta lehenago edo geroago kontatuko didate partidua hasieratik bukaerara arte, nahi edo ez. Eta kontatzen ez badidate, bertan agertuko zait sarean edozein sare sozial edo webgunetan sartu orduko. Denok dakigu futbol munduan zer gertatzen den (gizonen futbolean bakarrik, nola ez!), eta horrek dirua ematen die futbolariei (beti irabazten dutenei batez ere, gero garrantzitsuena parte hartzea dela esaten duten horiei), kriston dirutza.

Futbola jarri dut adibide bezela, ikustea batere gustatzen ez zaidan kiroletako bat iruditzen zaidalako zihurrenik. Baina ez da futbola dirua mugitzen duen alderdi bakarra. Beste kirol batzuk ere badaude, eta abeslariak eta aktoreak, bestalde. Guzti horiek entretenitu egiten gaituzte, ondo pasatzen laguntzen digute, eta askoren ustez, merezi dituzte soldata potolo horiek. Ez dut ezetzik esaten, baina pentsa pertsona gehienen soldatetan.

Zenbat kobratzen dute bizia salbatzen diguten medikuek? Eta erreskatatzen gaituzten suhiltzaileek? Zenbat gure jakinduria aberastu zuten irakasleek? Eta jaten duguna produzitu eta saltzen dutenek? Zenbat kobratzen du lan munduan sartu berri den eta ia egun osoa lanean pasako duen gazte batek? Eta bizitza osoa lanean eraman arren etxea ere ordaindu ezin duen batek?

Futbol jokalari, monarka, politikari eta beste hainbestek jasotzen duten dirua ikerketara bideratuko balitz askoz azkarrago aurkituko lirateke gaixotasun gehienen aurkako terapiak, eta pertsona gaixoen bizitza hobetzeko aukerak. Pentsa.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina