Bilatu blogean

2019(e)ko otsailaren 28(a), osteguna

Gutxi jaten duten neskak

Talde handi batekin edo bizitza osoko lagunekin bazkaldu edo afaltzera joaten garenean, honako hau gertatzen da ia beti: emakumeek gizonek baino gutxiago jaten dute. Eta ez da gose ez direlako, gizenduko diren beldur direlako edo neskei asko jatea gaizki ikusita dagoelako baizik. 

Gizarteak gehiegi eskatzen digu emakumeoi. Politak izan behar gara, irrifarre egin behar dugu uneoro, eta janzkera gure izaera baino garrantzitsuagoa omen da. Hori bete ezean, akabo. Eta ez hori bakarrik. Gorilek baino ile gehiago duten gizonek depilatzeko eskatzen digute, eta gizen ez egoteko. Batzuk gehiegi eta txarto jan eta kirolik egiten ez dutelako dira gizenak, baina asko horrela jaio dira, edo genetikoki determinatuta daude, eta ez da beraien errua. Herrialde aberatsetan bizi arren behar dutena baino gutxiago jaten duten emakumeez bete zaigu mundua politak ez direla uste dutelako bakarrik.

Zertarako balio du, baina, polita izateak? Zertarako balio du besteen begiei plazerra emateak norberari tristura ematen badio? Zergatik saiatzen gara hainbeste besteak pozik uzten? Zergatik hainbeste ispilu eta hainbeste isilu? Baskulak alde batera utzi beharko genituzke, eta ispiluetaz ahaztu. Ez dut sekula jakingo nolakoa naizen ispilura sekula hurbiltzen ez banaiz.

Beraz, neskak, kanpoan bazkaldu edo afaltzen duzuen hurrengoan ez zaitezte gosez gelditu. Eskatu gosez utziko ez zaituzten eta gehiegi beteko ez zaituzten menua. Inork ez du barre egingo "gizon batek bezala" jaten ari zaretelako. Ez egin kasurik "platera amaitzen baduzu oraindik gehiago gizenduko zara" bezalakoak esaten dituztenei. Eta amaitu platera garbi-garbi utzi arte, platerean dagoen guztia ordaindu beharko duzu eta!

Gizadi Mozkorra

Gizadia mozkor dago, gero eta mozkorrago, gainera. Ia jende guztiak edaten du, eta ez noizean behin bakarrik, mozkortzeko intentzioaz baizik. Tabernak bete-beteta egoten dira edonon, eta prezio barruan pintxo bat sartu ezkero mugitzeko tokirik ere ez da egongo. 

Festa guztiek dute mozkortzea xede bezala. Pentsatu besterik ez dago. Zer dira inhauteriak? Jendea, mozorroarekin edo mozorro gabe, edaten eta mozkortzen. Zer dira kilometroak? Jendea, oinez ibili dena eta ez dena, edaten. Zer da euskararen eguna? Jendea, euskaraz egiten duena eta ez duena, edaten. Zer dira kontzeruak? Jendea, musika atsegin duena eta ez duena, edaten. Zer dira larunbat gauak? Jendea, noranahi doala ere, edaten eta mozkortzen. Beraz, ba al dago mozkortzearekin lotzen ez dugun festarik? Zergatik bukatzen dugu edaten jende taldeetan sartzen garen bakoitzean? Zer egingo luke jendeak festetan alkoholik esistituko ez balitz?

"Ez edan, ez erre, ez irten...", esaten diete guraso gehienek seme-alabei. Beraiek, baina, edan egiten dute beraien lagunekin irtetzen diren bakoitzean, eta edan egiten zuten seme-alaben aurrean hauek 2 urte zituztenean ere. Beraz, nola ez dute ba beraien haur edo nerabeek edan nahiko? "Mundu osoak edaten du, gurasoek ere bai", pentsatuko dute. Beraien lagun guztiek edaten dute, gainera. "Normala da, mundu osoa mozkortzen da noizean behin, edo hilean pare bat aldiz", pentsatuko dute. Koadrilako guztiak irteten dira larunbat gauetan. "Beraiekin joaten ez banaiz koadrilatik kanpo geratuko naiz, eta edaten ez badut barre egingo didate, umetxo bat naizela esango dute", pentsatuko dute.

Zergatik ez gara saiatzen jendearekin elkartzen garen hurrengoan etxera odolean alkoholik ez dugula bueltatzen? Bada edan gabe ondo pasatzeko gai garela erakusteko garaia. Ordubete inguru hitzegin daiteke tabernetatik pasa gabe. Disfrutatu daiteke gaua ahalik eta mozkorren egoten saiatu gabe.

2019(e)ko otsailaren 24(a), igandea

Bortxaketak eta kaleko segurtasuna

Kriston hedapena izan du Iruñan 2017-ko San Ferminetan 18 urteko neska batek jasandako bortxaketaren kasuak. Bost bere kontra, egindakoa grabatzen, gainera, inolako ausiki gabe. Hurrengo egunean festan jarraitu zuten, egindakoa oker zegoela onartu gabe, neska harek ze txarto pasa zuen ikusi nahi gabe. Gertatu zena frogatzen duten bideoak daude, eta beraiekin Iruñan ez zeuden lagunek ere hasieratik zekiten egin zutena, baina bost tontolapiko haiek oraindik ere errugabeak direla esaten jarraitzen dute, neskak berak nahi zuelako eduki zituela harremanak beraiek bezalako bost ezezagunekin.

Sinestezina badirudi ere, badaude gertatutakoaren errua neskari botatzen diotenak ere. Tipikoegia badirudi ere, batzuek errazegi esaten dute gertatutakoa normala dela, hobe zuela San Ferminetan ez irten izatea, edo etxera ilundu baino lehenago bueltatu izatea, edo kalean bakarrik ez ibiltzea, edo beste arropa batzuk jantzita eramatea. Normala al da bost pertsonek neska ezezagun bat hartzea beraiekin harremanak edukitzera behartzeko? Bost dira, sexua nahi badute konpon daitezela bakarrik edo beraien artean! Normala al da gauez kalean bakarrik beldurrarekin ibili behar izatea? Eta normala al da x arropa janztea nahi duen baten ingurukoen komentario lizunak entzun behar izatea? Gauean mendian ibiltzen denak animali "manada" baten erasoa jasan dezake, baina animali horiek ez dakite zer egiten ari diren, edo gizakia berari min egitera datorrela uste duelako egingo dute. Gizaki "manada" batek, aldiz, badaki bortxatzea ez dagoela ondo, baina gauean kalea arriskutsua izatea eragiten dute. Gizakiok egiten dugu kalea arriskutsu. Pena bat da.

2019(e)ko otsailaren 22(a), ostirala

Eskolako liderrak

Eskolan denok berdinak garela irakasten digute denoi, baina segituan konturatzen gara hori gezurra dela. Ikasgela guztietan daude liderrak, besteak baino gehiago sentitzen direnak eta beraien koadriletan nor sartu edo irten daitekeen erabakitzen dutenak. Eskola haurrek eta nerabeek lagunak egin eta sozializatzen ikasteko tresna bezala saltzen digute, baina ez dut uste guztiz hala denik.

Norbere nortasuna eta bata bestearearen arteko desberdintasunak dira gizarte anitz hau edertzen duten faktoreak, baina eskoletan nortasun hori galdu egiten da maiz. Haur batzuek desberdinak direnak taldetik kanpo uzten dituzte, eta burla egiten diete. Azkenean, guztiek nahi dute berdinak izatea, eta desberdintasun guztiak galtzen dira. Denek hitzegiten dute gauza berdinei buruz, telebista saio berdinak ikusten dituzte, eta koadrilakoekin beti ados egotera derrigortuta sentitzen dira. Guztiei gustatzen zaie parrandan joatea, neskei arropa erostea eta mutilei futbola. Hortik irten ezkero, eskolako barregarri eta despreziatuena izango zara. Norbait oso ona izan daiteke gauza konkretu batean, eta besteei egin dezakeena erakusteko irrikitan egongo da, baina sekretupean gordetzen bukatuko du, badaezpada.

Haur eta nerabe batzuk beste batzuk baino lotsatiagoak dira, eta kosta egiten zaie sozializatzea. Agian ez dute koadrilarik ere izango, eta ikaskideekin hitzegitea oso zail egiten zaie. Nola sartu elkarrizketan? Nola hitzegin dezakete hain gauza aspergarriei buruz? Irakasleak klasera joaten ez diren egun asko daude, eta momentu horietan ez dute ez norekin ez zeri buruz hitzegin jakin izaten. "Eskolara ikasteko etortzen naiz", pentsatuko dute, baina gauza garrantzitsuak ikasi beharrean ingurukoak tontakeriei buruz hitzegiten entzunten pasako dute goiza.

Bestalde, alkohol, tabako eta droga gogorren aurkako prebentzio taldeak ere pasatzen dira eskoletatik. Eskoletatik, eskola nerabeen drogomenpekotasuna prebenitzeko tresna bezala ikusten delako. Baina, hori horrela al da? Eskola batzuetan, patio orduan ikasleen erdiak erretzen egoten dira, eta askotan irakasleak ere bai. Droga saltzaile batzuk eskola inguruetara hurbiltzen dira, badakitelako nerabe asko hurbilduko zaizkiela eta diru asko irabaziko dutela. Eta askok ez dute lehen zigarroa parrandan dabiltzala erretzen, eskolatik irtetean beraien lagun guztiak erretzen ari direlako erretzen dute. Ez dute erre nahi, baina egiten ez badute taldetik kanpo geratzeko beldurra dute, klase aspergarrietan denbora azkarrago pasatu ahal izateko mintzalagunik gabe.

Nortzuk dira, orduan, eskolako liderrak? Zergatik ikasi behar izaten dute haurrek txikitatik beti egongo dela beraiek zapaltzeko prest dagoen norbait? Badakit eskola gehinetan elkarbizitza egokia lortzen gogor saiatzen direla, baina zerbaitek huts egiten du. Ia eskola guztietan daude "bullying" kasuak, eta isilpean gordetzen dira, arazo garrantzitsu baten parte ez balira bezala.


Errespetu falta

Askori guztiz berdin dien arren, denok dakigu errespetua dela gizakion arteko elkarbizitza on bat bermatzeko gauzarik garrantzitsuena. Batzuek, baina, ez dakite errespetua zer den, edo nork errespetatu behar duen nor eta noiz.

Adibidez, erretzen ez dugunok ondo dakigu zein gogaikarria den inguruan erretzaileak izatea. Kalera irten orduko zigarro bat pizteko beharra sentitzen dute, eta ingurukoek botatzen diete kea, nahi gabe egiten badute ere. Sineztesina da tabakoak legala izaten jarraitzea. Kriston osasun arazoak ematen ditu, eta ia edozein gaixotasun osatu edo prebenitzeko ez erretzea gomendatzen da. Baina gobernuari eta tabako saltzaileei dirua ematen die, eta nerabeei dibertigarri eta lider itxura, eta dirudienez dirua eta itxura askoz garrantzitsuagoak dira gaur egungo gizartean osasuna baino. Kontua da, nire ondoan erretzen ari den norbaiti zigarroa itzali edo ni joandakoan pizteko eskatzen badiot, errespetua faltatzen ari natzaiola entzun beharko dudala. Sentitzen dut, baina ez da horrela. Zeu ari zara niri errespetua faltatzen. Nik bizitza osasuntsu bat eramatea erabaki nuen aspaldi, zeuk ez bezala. Ezin dituzu nire birikak zikindu bost minutu zigarro bat ahora eman gabe egon ezin zarelako. Eta ez kexatu egunero gauza garrantzitsuetarako dirurik ez duzulako, egunean zigarro pakete bat erosi beharko ez bazenu diru pila bat aurreztuko zenuke eta.

Beroak tripako mina egiten dit, eta konortea galduko dudan sentsazioa. Besteentzat, baina, errespetu falta bat da ni ezin ibili izatea, ezin lan egin izatea, ezin ikasi izatea, ezin 10 metro ibili ahal izatea. Nagi bat naizela uste dute, eta gertatzen zaidana ez dela hainbesterako. Sentitzen dut horrela esan behar izatea, baina kriston beroa egiten du hemen, ez duzue aire giroturik instalatu nahi eta ni ez nago ondo. Bero honekin lorik ere ez dut egin gainera. Beraz, zeuek ari zarete errespetua faltzatzen. Badakit zer esango didazuen, fresko bila joateko negua heldu arte itxaroteko, baina ez ahaztu neguan edozein tokitara sartu ezkero kriston beroa ematen duten kalefakzio eta estufak edonon egongo direla.

Zaratarena da ezagutzen dudan errespetu falta handiena. Badirudi gaur egungo gizartea ez dela ezer zarata handirik ateratzen badu. Zarata edonon dago, eta hiri handien zentro edo tabernadun kaleetan bizi direnek ondo dakite gauean ixiltasun pixka bat lortzea ezinezkoa dela. Askori mugikorra piztean musika jartzea gustatzen zaie, musika oso itsusia normalean, edo 10 segundu bakoitzeko bideo bat martxan jartzea. Berdin die zarata atsegin ez duten pertsonekin bizitzeak, edo jendez betetako autobus edo tren batean joateak. Musika, bideo edo zarata hori martxan jarriko dute, beraiek hala nahi dutelako, ingurukoak bertan ez baleude bezala. Eta musika kentzeko eskatzen badiet, beraienganako errespetu falta bezala hartuko dute. Ez dira sekula konturatuko beraien musika inguruko guztiei entzunaraztea dela benetan errespetu falta dena. Eta ez dira sekula konturatuko soluzioa aurikular merke pare bat erostea bezain erraza dela.

2019(e)ko otsailaren 20(a), asteazkena

Epaiketa

Gogoan du 10 urte zituenean gertatutakoa. Eskolako patioan zegoen, jolasaldi ordua bait zen. Lagunekin zegoen, baina astebete baino gehiago zeraman beraiekin haserre. Aurreko gauean ez zuen batere lorik egin. Poz-pozik jarri zen patioan bere lagun mina, bere eskolara joaten ez zena, agertu zenean. Berarekin 5 minutuan zehar hizketan egin ostean agurtu egin ziren. Ostean, ea bakarrik hitzegiten zertan zebilen galdetu zioten bere klaseko batzuek.

Orduan konturatu zen bere lagunik onena esistitzen ez zela. Eta ametsetan bakarrik ikusten zuela. Egun hartan hain nekatuta zegoenez, patioko bankuan geratu zen lo. Eta laguna patiora bisitatzera joan zitzaiola amestu zuen futbolean jolasten ari zen batek baloiaz eman eta esnatu zen arte. Tristea izan zen bera benetakoa ez zela jakitea, inoiz baino okerragoa bere beste lagunekin haserre egonik. Berarekin hitzegiten saiatzen zen lo egiten zuen bakoitzean.
- Gauza bat. Gu lagun minak gara, eta beti etortzen zara nire etxera, baina ni inoiz ez naiz zurean egon. Non bizi zara? -galdetu zion.
- Ez naiz zure herrikoa, ... -koa baizik.
- Gezurra galanta! Hori hemendik 100km -ra dago.
- Harrapatu egin nauzu, gezurra da. Kontua da esaten badizut etorri egingo zarela, eta amak ez dit etxera lagunak eramaten uzten.
- Inoiz ez didazu zure familiari buruz hitzegin. Norekin bizi zara?
- Amarekin bakarrik.
- Aurkeztuko didazu egunen batean? Zuk nire familia osoa ezagutzen duzu.
- Amari ez zaio jendea gustatzen. Ez zaitu ezagutu nahiko.
- Zenbat zareten familian?
- Ama eta neu bakarrik. 
- Nortzuk dira zure beste lagunak?
- Zeu zara nire lagun bakarra.
- Gaizki eramaten al zara zure klasekoekin?
- Ez naiz eskolara joaten. Etxean ikasten dut, amarekin.
- Susmo txarra hartzen diot guzti honi. Inoiz ez didazu zuri buruzko ezer esaten.
- Zeri buruz ari zara?
- Benetakoa ez zarela pentsatzen dut, nire ametsetan bakarrik ageri zarela. 
- Zergatik uste duzu hori?
- Emaidazu zure mugikor zenbakia, behintzat.
- Badakizu mugikorrik ez dudala.
- Esna nagoela telefonoz deitzen badizut eta erantzuten baduzu, benetakoa zarela froga dezakezu.
- Zin egiten dizut benetakoa naizela!
- Orduan, zergatik agertzen zara nire gelan gauetan bakarrik? Zergatik egiten duzu alde gurasoak komunera jaikitzen direnean?
- Zera..., lotsa ematen dit beraiekin hitzegitea.
- Eman besarkada bat. 
- Badakizu ez zaidala besteek ni ukitzea gustatzen.
- Besarkatzeko eskatu dizut!
- Ezetz!
Lagunaren atzetik hasi zen korrika, baina ez zuen harrapatzerik lortzen. Ukitu egin nahi zuen, mamu bat ez zela egiaztatu. Baina ihes egin zion. Arrastorik utzi gabe desagertu zen. 

Izerdi patsetan esnatu zen gero. Ametsa izan zen dena. Huraxe izan zen lagun minaz hitzegin zuen azken gaua. Azken gaua, zorigaiztoko egun hura heldu zen arte.
Hiru gau zeramatzan batere lorik egin gabe, baina ez zegoen nekatuta. Alderantziz, energiaz beteta eta poz-pozik zegoen. Lantokira heldu zenean kendu zitzaion poz guztia. Bere buruzagia ikuskatzailearekin hizketan zebilen, eta berak azken egunetan egindako lan gogor guztia bereganatu zuen. 
- Ez da zilegi! Neuk egin nuen hori guztia! -esan zion buruzagiari.
- Ez al dizute erakutsi besteen elkarrizketak ez entzuten?
- Nahi gabe entzun dut.
Proba asko egin zituen aurreko astean, baina buruzagiak ez zion emaitzen berri eman.
- Neuk egin nuen lan guztia. Emaitzak jakiteko eskubidea daukat.
- Badakizu informazio hori konfidentziala dela edozeinentzat.
- Niretzat izan ezik. Nire lana da.
- Arauak arauak dira.

Aste pare bat pasa ziren. Gau bakoitzean lo egin ezinik ibili izan zen, gauero 2-3 ordutako siesta motz bat bakarrik bota zuelarik. Orain bai, orain oso nekatuta zegoen. Eta esna edo lo zegoen ez zekielarik, bere haurtzaoko laguna agertu zen.
- Hackeatu informazioa. Hackeatu zure buruzagiaren ordenagailua -esan zion.
- Hori ez da legala.
- Berdin dit. Informazio hori behar duzu, eta badakizu nola lapurtu, neuk lagunduko dizut.
Eta hori egin zuen. Harrapatu ere egin zuten. Epaitegira joateko eguna apuntatu behar izan zuen egutegian.
- Nora zoaz? -galdetu zioten familiakoek.
- Epai batera.
- Ez al zeneukan, ba, kontatzeko asmorik? Zer egin duzu oraingoan?

Haurtzaroko laguna ez zen laguntzera etorri, berak hala esaten bazuen ere. Labana bat hartu eta hiltzen saiatu zen, baina lo zegoen hori egin zuenean. Bere ordez, ezezagun bat hil zuen, bere lagunak, odolez beteta, irrifarrez begiratzen zuelarik. Baina bera ez da ezertaz gogoratzen, lo zegoen. Eta hertzaintzak errudunaren bila jarraitzen du...

Logura

Logura du. Goizeko 9tan lanera iristeko, lehenengo autobusa hartu behar du, eta gero metroa. Logura du, baina ez da lokartzen. Ez autobusean, ez metroan, ez ohean. Atzo ere logura zuen, baina ez zen lokartu. Lau gau daramatza batere lorik egin gabe. Etxekoek gauean lo egiten duela uste dute, baina ez da horrela. Ohean sartzen da, eta pentsatu eta pentsatu ibiltzen da egunsentira heldu arte. Ez ditu lo egiteko pirulak hartu nahi, baina hartu egin behar izan ditu. Gorputza erlaxatzen diote, baina haiekin ere ezin lokartu. Pirula horiek lo seko uzten omen dute edonor, baina bera ez. Besteek ez dute ulertzen nolako sufrimendua den beretzako maindire goxoetan sartzea, lokartzen saiatzea. Batzuk 10 minututan lokartzen dira, baina bera ez da sekula lokartzen. Eta nekatuta dago, oso nekatuta.

- Ezin lo egin izatea ez da hainbesterako -esan zion lagun batek herenegun.
- Ez duzu ezer ulertzen -erantzun zion berak.
- Niri ere suertatzen zait batzutan lo egin nahi eta ezin izatea.
- Adibidez?
- Aurreko igandean siesta bota nahi izan nuen, eta ezin izan nuen.
- Zenbat lo egin zenuen, baina, aurreko gauean?
- 10 bat ordu.
- Orduan normala siestarik bota ezin izatea!
- 10 ordu ez da asko...
- Baliteke 10 ordu nik aste osoan zehar lo egin dudana baino gutxiago izatea.
- Zuk hala badiozu.
Lagunak ez du bere arazoa ulertzen. Eta ez du sekula ulertuko.
- Zergatik egiten duzu negar? -galdetzen dio etengabe.
Ez daki. Nekatuta dago, eta erdi-hilik dagoela sentitzen du. Ezin du jasan. Zutik egotea ere asko kostatzen zaio, eta kilometro bat oinez egitea kriston ahalegina da beretzat egoera hortan. Negarrez ari da berriro, eta ez daki zergatik. Egun osoa igarotzen du negarrez.
- Ezin al zara pozik bizi? Beti zaude triste, kopetilun edo haserre.
Nola egongo da, ba, lorik egiten ez duen pertsona bat? Inork ez du gertatzen zaiona ulertzen. Ezinezkoa da ulertzea lehenengo pertsonan bizi ezean.

Begiak zabaldu ditu. Metroa hurrengo zein geltokitan geldituko den begiratzean, berea jadanik aspaldi igaro duela ikusi du. Nola liteke, baina, konturatu ez izatea? 
- Zu ez al zara goizero x geltokian jeisten? -galdetu dio parean eserita dagoenak.
- Bai, baina ez naiz konturatu metroa bertan noiz gelditu den. Despistatu egin naiz.
- Despistatu? 15 bat minutu daramazu lo. Hori ez da despiste bat, hori aurreko gauean tabernetara irten eta lo gutxi egin izanaren ondorioa da.
Hala da, ia 15 minutuko siesta bota du konturatu ere egin gabe. Azkenean lortu du lo pixka bat egitea, behintzat. Hala ere, ez da ondo sentitzen, lehen baino nekatuago baizik. Berriz lokartu eta sekula ere ez esnatzea nahiko luke momentu hontan, baina batek daki hurrengo zenbat egun barru lokartu ahal izango den.

- Berandu zatoz -esan dio errieta aurpegidun buruzagiak lantokira heltzean.
- Sentitzen dut. Metroko geltokia... -hasi da esaten.
Buruzagiak ez dio sinetsi autobusa berandu irten eta ondorengo metroa 30 segundugatik galdu duenik, baina berdin dio. Ez zaio bere buruzagia batere gustatzen. Oso umore txarra dauka, eta hori beren izaera alaiaren aurka doa. Buruzagiak munduko onena dela uste du, eta bere langileei edozergatik errieta eta barre egiten pasatzen du egun osoa. Berak kobratzen du gehien lantokian, baina lanik ez du egiten. Mugikorrari begira bizi da. 
- Haserre egin dizu? -galdetu dio beste langile batek berandu heldu dela ikusi ostean.
Baina berak ez du ondoren gertatzen dena gogoratzen. Bere aulkian eseri da, eta lo geratu omen da.
- ..., eta ez zaitut hemendik inoiz gehiago ikusi nahi - esan dio buruzagiak.
Hala da, kalera bota du.
- Baina kontratuaren arabera oraindik 6 egun geratzen zaizkit hemen.
- Berdin dit. Lantokian lo geratzea onartezina da.
"Eta kolperik jo gabe langileak zirikatzea ere bai", esan nahi izan dio. Baina ez da ausartu. Bera da berriena lantokian, eta buruzagiak gorrotu du. Arrazoirik gabe, hori bai.
- Begira, nik zu ez zaitut batere atsegin eta zuk ni ere ez. Zergatik ez dugu ezikusiarena egiten?
- Ezikusiarena?
- Bai. Biotako inork ez dio esango inori bota zaitudanik. Horrela, kontratua egin dizutenek zuk 6 egun gehiago lan egin duzula usteko dute. Eta niri ez didate langile bat bota izana leporatuko.
- Ados. Ondo deritzot.
Gezurra da, ez deritzo batere ondo. Alde batetik, aspalditik hartu nahi izan ditu oporrak, baina bestalde, lanetik botatzen duten lehen aldia da, eta horrek min egiten dio. Ez da bere errua izan, gainera. Ez zuen inoiz pentsatu lantokian lo gera zitekeenik ere.
- Mesede handi bat egin dizut. Badakit lantoki hau batere gustoko ez duzula eta oporrak hartzeko desiratzen zaudela -esan dio buruzagiak irribarre maltzurraz.
Ez du bere buruzagia sekula gehiago ikusi nahi. Hain nazkatuta egonik, motxila segundo pare batean prestatu eta langileei agurrik esan gabe irten da. Damututa dago "agur" esan ez duelako, baina ez du bertara berriz itzuli nahi.

Metroan eta autobusean lo egiten saiatu da, baina ezinezkoa da. Nola lokartu ahal izan ote da lantokian? Zer esango die orain etxekoei? Ez du lanetik bota dutela esateko asmorik, ezta gezurrik esateko asmorik ere. Hurrengo goizean ondoko herrira joango da kaletik buelta bat ematen, eta horrela hurrengo 6 lanegunetan, mundu osoak lanean dagoela pentsa dezan.
Negar egin nahi du. Badaki ezin izango duela beste egun askoan lorik egin. Eta lo egiten badu ere, "erdi esna" egongo da. Hala da, bai, lo ibiltaria da. Lo dagoenean esna dagoela ematen badu ere, bera ez da ezertaz konturatzen. Berba egiten du, begiak zabalik ditu, baina ez da konturatzen. Jan eta pixa egiten du, baina ez da konturatzen. Ur freskoaz dutxatzen denean ere ez. Pertsona imaginarioekin hitzegiten du, eta aluzinazioak ditu, zeozer hartu izan balu bezala. 
Aurreko batean, horrela zegoela, pertsona ezezagun bat hil zuen. Baina berak ez daki, ez da gogoratzen. Bitartean, hertzaintza errudunaren bila ari da...

2019(e)ko otsailaren 18(a), astelehena

Inmunitate Sistema, Minbizia eta hainbat irudi


Inmunitate sistema Inmuniate Naturalak eta Hartutakoak osatzen dute. Lehena azkarragoa da, eta bigarrena iraunkorra eta espezifikoa, gorputzak patógeno berdinaz bigarren aldiz topo egitean martxan jartzen dueña.

Inmuniate naturalean parte hartzen duten elemntuen artean, azala eta gorputzaren beste hesiak, Makrofago, Neutrofilo eta Zelula Dendritikoak eta Konplementua ditugu. PRR izeneko errezeptoreek PAMP eta DAMP (patogeno askotan berdinak diren elementuak) izeneko molekulak ezagutzen dituzte mekanismo inmunitarioak martxan jarri ahal izateko.

Hartutako inmunitatean B eta T motatako Linfozitoek harzten dute parte (odolean eta linfan ugari diren zelulak). B Linfozitoek Antigorputzak sortzen dituzte, patogenoekin elkartzean beraien suntsiketa martxan jarri ahal izateko. Antigorputzak hainbat motatakoak izan daitezke dituzten kateen arabera (IgG, IgM, IgA, IgE, IgD), eta patogeno konkretu batzuentzako espezifikoak izan daitezke.  

Zelula batzuek MHC izeneko molekulak dituzte (HLA gizakiotan), I (CD8+ T Linfozitoetan) edo II (CD4+ T Linfozitoetan) motatakoak izan daitezkeenak. Desberdinak dira persona bakoitzean (anai-arrebek berdinak izateko %25-eko probabilitatea duten arren), eta horrek asko konplikatzen du organo bat trasplantatu ahal izateko prozesua.

Zelula Dendritikoek antigenoa (patogenoa) T Linfozitoen TCR Errezeptoreei aurkeztean (eta molekula koestimulatzaileek bat egitean) martxan jartzen dira beraien aktibatze prozesua eta seinalizazioa. T Linfozitoak TH1, TH2, TH17 edo TReg zelula bihur daitezke. TH1 (suntsitzaileak) eta TReg (inmunitate Sistema mantsotzen dutenak) zelula kantitatea modulatzea da minbizi motak batzuen aurka borroka egiteko pentsatu den estrategietako bat.

Minbizia saihesteko beste estrategia bat T Linfozitoen mintzeko CTLA-4 eta PD-1 molekulak blokeatzen dituzten antigorputz terapeutikoak erabiltzea da. Bi molekula horiek, TReg zelulek bezala, inmunitate Sistema mantsotu dezakete gorputzari tumorearen aurka borrokatzea eragotziz.

Inmunitate Sistemak mikrobio eta beste agente patogenoengandik babesten gaituzten arren, komeni da gogoratzea bere funtzionamendu okerrak alergiak eta gaixotasun aitoinmunitarioak eragin dezakeela.


Bukatzeko, hona hemen inmunitate sistemaren funtzionamendua ilustratzen duten irudi batzuk.

Irudiak: Janeway's Inmunobiology

















Zelulen seinaleak 100 Iruditan

Ba al zenekiten zelulek hainbat seinale desberdin jaso ditzaketeztela funtzionatu ahal izateko? Hala da, ba. Hainbat dira molekulek zeluletan jarrai ditzaketen bideak.

- Zelulaz kanpoko molekula bat GPCR izeneko errezeptore bati lotzean, errezeptoreari lotutako G alfa proteina G beta eta G gamma proteinetatik bereiziko da. Horrek zelula barruko molekula baten aktibatzea eragingo du, aktibatutako horrek beste bat aktibatuko du, eta horrela hainbat molekulekin (AMPc, GMPc, PIP3, PKA, PKC...). Azkenean, aktibatutako molekulako bat zelularen nukleoan sartuko da interesatzen zaion proteina kodifikatzen duen DNA zatia transkribatu dadin (proteina sortu dadin).

- Zelulaz kanpoko beste molekula batzuek, aldiz, Kinasa izeneko errezeptoreak aktibatzen dituzte. Kinasek zelula barruko entzimen tirosina, treonina edo serina izeneko aminoazidoak fosforilatuko dituzte (fosfato talde bat gehituko die), eta horrela, aurreko kasuan bezala, molekula bakoitzak hurrengoa aktibatuko du nukleoan sartuko dena aktibatu arte.

- Molekula batzuk zelula barrura sartu behar izaten dute zelula barruko errezeptoreak aktibatu ahal izateko. Beraiekin bat egitean nukleoan sartuko da konplexua, badakizue zertarako.

Molekula batzuek zelulen proliferazioa eta zatitzea ahalbidetzen dute, eta onkogeneak deritzen. Supresoreek, berriz, kontrako funtzioa dute. Minbizi asko onkogeneen funtzioa handitu eta supresoreen funtzioa txikitu delako gertatzen dira, eta onkogeneak inhibituz eta supresoreak aktibatuz jendea osatzeko moduak bilatzen ari dira zientzialari asko.

Hona hemen zelulen seinalizazioaren konplexutasuna irudikatzen duten hainbat irudi.
























2019(e)ko otsailaren 15(a), ostirala

Metabolismoa 100 Iruditan

Atsegin dut metabolismoa. Mordo bat gustatzen zait molekula batzuek aldaketak nola sufritzen dituzten ikustea, ondoren beste molekula batzuetan bilakatzeko. Horregatik, blogean metabolismoari buruzko zerbait jarri nahi izan dizuet, eta onena testu gutxi eta irudi bisual asko jartzea dela pentsatu dut. Nire helburua ez da metabolismoaren pausu bakoitza ondo baino hobeto ezagutaraztea, berari buruzko ideia orokor bat ematea baizik. Prest?

Irudiak: Principles of Biochemistry (Lehninger)

GLUZIDOAK

Glukosa da gluzidoen giza metabolismoaren protagonista nagusia. Gure bidaia zoragarri hau glukolisiarekin hasten da, non glukosa molekula bakoitza bi Pirubato molekula bihurtzen den erreakzio eta transformazio pauso askoren ondoren. Prozesuaren ostean 2 ATP molekula lortzen dira (ATP-a ezinbesteko energia iturria da zelulentzat, eta hura lortzea da metabolismoaren helburuetako bat).


Beste monosakaridoak ere sar daitezke bide hontan aurretik glukosa bilakatuz. Baita ere disakarido edo oligosakaridoak, hidrolizatu ostean.



Pirubatoak bide desberdinak segi ditzake. Oxigenorik ez badago, hartzidura laktikoan har dezake parte Laktato molekula emanez (kirol gogorra egiten duten pertsonen muskuluetan) edo hartzidura alkoholikoan Etanola emanez (mikroorganismo batzuk). Bide horiek jarraituz, baina, ez da ATP-rik lortuko. Oxigenoa baldin badago, Pirubato Azetil-CoA bilakatu (Pirubato Deshidrogenasa entzima konplexuari esker) eta Krebs-en zikloan sartuko da.


Glukolisiaren aurkako prozesuari Glukoneogenesia esaten zaio, eta Pirubatoa Glukosa bihurtzean datza. Erreakzio gehienak glukolisian gertatzen direnen alderantzizkoak dira, baina badaude pausu pare bat desberdinak direnak. Garatzeko ATP-ak erabiltzen dira.


Glukogenoari dagokionez, bi bide metaboliko jarraitzen ditu: Glukogenolisia (glukosa molekulen askatzea) eta Glukogenogenesia (sintesia).


Glukogenolisian eratzen den Glukosa-6P molekula Pentosa Fosfatoen zikloan sar daiteke, Ribosa emanez.

 



KREBS -EN ZIKLOA ETA FOSFORILAZIO OXIDATIBOA

Azetil-CoA Krebs-en ziklo biribilean sartzean, hainbat entzimek hainbat molekula desberdin transformatuko dituzte (Zitrato, Isozitrato, Alfa Zetoglutarato, Sukzinil-CoA, Sukzinato, Fumarato, Malato, Oxalazetato). 30-32 ATP molekula sortuko dira zikloko, kontuan hartuta GTP, NADH eta FADH2 molekulek ATP-ak emango dituztela. Krebs-en zikloan sortutako molekulek beste molekula batzuen sintesirako aintzindari bezala joka dezakete, eta beste jatorri batzuetatik lor daitezke baita ere. Landare batzuek glioxilatoaren zikloa dute Krebs-en zikloa beharrean, motzagoa, eta gantz azidoak glukosa bihurtzeko balio duena.

                                                             

Ondorengo pausua elektroi transferentzia da, eta lan hori NAD+/NADP, FAD/FADH2, Ubikinona (Q Koentzima), Proteina Ferro-Sulfatatu eta Zitokromoei dagokie. Zelulen mitokondrioen barneko mintzetan 4 konplexu daude non elektroi transferentziak gidatuta erredox (erredukzio eta oxidazio) erreakzioak gertatzen diren. Prozesuaren amaieran (Fosforilazio Oxidatiboa), protoi batek (H+) ATP sintasa (mitokondrioen barneko mintzetan, baita ere) zeharkatuko du ATP molekula bat eratuz. Horixe bera da prozesu guzti honen helburua, ahalik eta ATP molekula gehien sortzea.
























LIPIDOAK

Lipasa pankreatikoak Triazilglizeridoak hidrolizatzen ditu gantz azidoak eta glizerola askatu ahal izateko. Glizerola Glizeraldehido-3P bilakatzen da glukolisi edo glukoneogenesian parte hartu ahal izateko. Gantz azidoak lipoproteina izeneko bola batzuetan bidaiatzen dute Kolesterol, beste lipido eta proteina batzuekin batera. 





Lehenik eta behin, gantz azidoak Azil-CoA bilakatzen dira A Koentzimari esker, eta Azil-Karnitina bezala (Karnitinari lotuta) mitokondrio barruan sartuko dira Beta Oxidazio izeneko degradazio prozesuan sartzeko. Alde batetik, Krebs-en ziklorako Azetil-CoA molekula bat lortuko da C bakoitzeko, eta NADH eta FADH2 Fosforilazio Oxidatiborako. Beta Oxidazioa Peroxisometan ere gerta daiteke, eta Alfa eta Omega oxidazioak ere esistitzen dira. Gorputza glukosarik gabe geratzean (baraualdi luzeetan eta pertsona diabetikoetan, batez ere) gorputz zetoniko delakoak sintetizatzen dira 2 Azetil-CoA -tatik abiatuz. 








Gantz azidoen sintesia zelularen zitosolean gertatzen da, eta Malonil-CoA molekula batetik abiatuz hasten da.



Kolesterola sintetizatzeko bidea ere interesgarria da.








AMINOAZIDOAK

Urearen zikloa delakoa aminoazidoen metabolismoan eratutako amoniako (NH4) toxikoa gorputzetik ateratzeko erabiltzen da. Urea produktua, funtzio garrantzitsurik ez duenez, iraitzi egiten da.


Hona hemen Aminoazidoen Katabolismoaren (degradazioa) bide batzuk:









Eta Anabolismoarenak (sintesia):










NUKLEOTIDOAK

Irudi hauetan ikusiko duzue nolakoa den nukleotidoen degradazio prozesua (desberdina purina eta pirimidinetan):



Eta hauetan nukleotidoen sintesi prozesua (desberdina purina eta pirimidinetan, baita ere):