Bilatu blogean

2019(e)ko otsailaren 22(a), ostirala

Errespetu falta

Askori guztiz berdin dien arren, denok dakigu errespetua dela gizakion arteko elkarbizitza on bat bermatzeko gauzarik garrantzitsuena. Batzuek, baina, ez dakite errespetua zer den, edo nork errespetatu behar duen nor eta noiz.

Adibidez, erretzen ez dugunok ondo dakigu zein gogaikarria den inguruan erretzaileak izatea. Kalera irten orduko zigarro bat pizteko beharra sentitzen dute, eta ingurukoek botatzen diete kea, nahi gabe egiten badute ere. Sineztesina da tabakoak legala izaten jarraitzea. Kriston osasun arazoak ematen ditu, eta ia edozein gaixotasun osatu edo prebenitzeko ez erretzea gomendatzen da. Baina gobernuari eta tabako saltzaileei dirua ematen die, eta nerabeei dibertigarri eta lider itxura, eta dirudienez dirua eta itxura askoz garrantzitsuagoak dira gaur egungo gizartean osasuna baino. Kontua da, nire ondoan erretzen ari den norbaiti zigarroa itzali edo ni joandakoan pizteko eskatzen badiot, errespetua faltatzen ari natzaiola entzun beharko dudala. Sentitzen dut, baina ez da horrela. Zeu ari zara niri errespetua faltatzen. Nik bizitza osasuntsu bat eramatea erabaki nuen aspaldi, zeuk ez bezala. Ezin dituzu nire birikak zikindu bost minutu zigarro bat ahora eman gabe egon ezin zarelako. Eta ez kexatu egunero gauza garrantzitsuetarako dirurik ez duzulako, egunean zigarro pakete bat erosi beharko ez bazenu diru pila bat aurreztuko zenuke eta.

Beroak tripako mina egiten dit, eta konortea galduko dudan sentsazioa. Besteentzat, baina, errespetu falta bat da ni ezin ibili izatea, ezin lan egin izatea, ezin ikasi izatea, ezin 10 metro ibili ahal izatea. Nagi bat naizela uste dute, eta gertatzen zaidana ez dela hainbesterako. Sentitzen dut horrela esan behar izatea, baina kriston beroa egiten du hemen, ez duzue aire giroturik instalatu nahi eta ni ez nago ondo. Bero honekin lorik ere ez dut egin gainera. Beraz, zeuek ari zarete errespetua faltzatzen. Badakit zer esango didazuen, fresko bila joateko negua heldu arte itxaroteko, baina ez ahaztu neguan edozein tokitara sartu ezkero kriston beroa ematen duten kalefakzio eta estufak edonon egongo direla.

Zaratarena da ezagutzen dudan errespetu falta handiena. Badirudi gaur egungo gizartea ez dela ezer zarata handirik ateratzen badu. Zarata edonon dago, eta hiri handien zentro edo tabernadun kaleetan bizi direnek ondo dakite gauean ixiltasun pixka bat lortzea ezinezkoa dela. Askori mugikorra piztean musika jartzea gustatzen zaie, musika oso itsusia normalean, edo 10 segundu bakoitzeko bideo bat martxan jartzea. Berdin die zarata atsegin ez duten pertsonekin bizitzeak, edo jendez betetako autobus edo tren batean joateak. Musika, bideo edo zarata hori martxan jarriko dute, beraiek hala nahi dutelako, ingurukoak bertan ez baleude bezala. Eta musika kentzeko eskatzen badiet, beraienganako errespetu falta bezala hartuko dute. Ez dira sekula konturatuko beraien musika inguruko guztiei entzunaraztea dela benetan errespetu falta dena. Eta ez dira sekula konturatuko soluzioa aurikular merke pare bat erostea bezain erraza dela.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina