Bilatu blogean

2019(e)ko otsailaren 28(a), osteguna

Gutxi jaten duten neskak

Talde handi batekin edo bizitza osoko lagunekin bazkaldu edo afaltzera joaten garenean, honako hau gertatzen da ia beti: emakumeek gizonek baino gutxiago jaten dute. Eta ez da gose ez direlako, gizenduko diren beldur direlako edo neskei asko jatea gaizki ikusita dagoelako baizik. 

Gizarteak gehiegi eskatzen digu emakumeoi. Politak izan behar gara, irrifarre egin behar dugu uneoro, eta janzkera gure izaera baino garrantzitsuagoa omen da. Hori bete ezean, akabo. Eta ez hori bakarrik. Gorilek baino ile gehiago duten gizonek depilatzeko eskatzen digute, eta gizen ez egoteko. Batzuk gehiegi eta txarto jan eta kirolik egiten ez dutelako dira gizenak, baina asko horrela jaio dira, edo genetikoki determinatuta daude, eta ez da beraien errua. Herrialde aberatsetan bizi arren behar dutena baino gutxiago jaten duten emakumeez bete zaigu mundua politak ez direla uste dutelako bakarrik.

Zertarako balio du, baina, polita izateak? Zertarako balio du besteen begiei plazerra emateak norberari tristura ematen badio? Zergatik saiatzen gara hainbeste besteak pozik uzten? Zergatik hainbeste ispilu eta hainbeste isilu? Baskulak alde batera utzi beharko genituzke, eta ispiluetaz ahaztu. Ez dut sekula jakingo nolakoa naizen ispilura sekula hurbiltzen ez banaiz.

Beraz, neskak, kanpoan bazkaldu edo afaltzen duzuen hurrengoan ez zaitezte gosez gelditu. Eskatu gosez utziko ez zaituzten eta gehiegi beteko ez zaituzten menua. Inork ez du barre egingo "gizon batek bezala" jaten ari zaretelako. Ez egin kasurik "platera amaitzen baduzu oraindik gehiago gizenduko zara" bezalakoak esaten dituztenei. Eta amaitu platera garbi-garbi utzi arte, platerean dagoen guztia ordaindu beharko duzu eta!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina